Lasarte-Oriako hamaikakoa oso aktiboa dela gauza ezaguna da. Ostegun arratsaldean, pintxo-
potearen garaia aprobetxatuz, kaleak dinamizatuz ibili ziren 3.000. partaidearen bila.

Hamaikako kideak 3.000. partaidea lortutako unean. Yon Mikel Rodriguez izan zen zortekoa.
Orain bi urte, Euskararen 9. Maratoiaren ingurumarian, Baietz 40 egun euskaraz! erronka
egin zen gure herrian eta ia 2.000 pertsonek eman zuten izena orduko hartan. Esperientzia hartan
jaio ziren gure herrian orain Euskal Herri guztira zabaldu diren ahobizi eta belarriprest rolak.
Euskaraldiak dirauen 11 egun hauetan 200.000 pertsona baino gehiago dira Euskal Herriko
400 herri baino gehiagotan hizkuntza-ohiturei astindu bat ematen ari direnak. Horietatik 3.000
lasarte-oriatarrak dira.
Gomendioak
Antolatzaileek jakinarazi dute garrantzitsua dela norberak hausnarketa txiki bat egitea eta
aprobetxatzea Euskaraldiak ematen duen aukera babestu hau, eguneroko hizkuntza-inertziei
astindu bat eman eta bestela egitea zailagoak diren ohitura-aldaketak abiatzeko.
Azpimarratzen dute merezi duela probatzea eta oinarrizkoa dela 11 egunez txapa agerian
eramatea, aurreiritziak atzean uzten eta aldaketa egiten laguntzen duelako.
Ahobizien kasuan, aukera paregabea da elkarrizketa elebidunak probatzeko, euskaraz
ulertu bai, baina gaztelaniaz diharduen belarriprestarekin euskaraz jarraitzeko, belarriprestak berak
egiten dion gonbidapenari jarraituz. Aldi berean, garrantzitsua da, belarriprestak hala behar badu,
behintzat, polikiago eta lasaiago hitz egiteko ariketa ere egitea.
Belarripresten kasuan, berriz, eragingarria da oso ahobiziei euskaraz egin diezaiela
gogoraraztea, horrek ahobizien ohitura-aldaketa ere asko errazten duelako.
Eta guztien kasuan, gomendatzen dute interesgarria dela esperientziari buruz hitz egitea
eta nola doan ingurukoekin partekatzea. Egunez-egun bizi diren esperientziak webgunean kontatzeko gonbitea egin dute.
Emaitzak aurrerago emango badituzte ere, antolatzaileak pozik azaldu dira egitasmoak
hartu duen indarrarekin.