Izena eman ahal da Ahobizi edo Belarriprest bezala bai on-line, bai paperean herriko 28 tokitan
Irailaren 20tik azaroaren 22ra arte Euskaraldian parte hartu ahal izateko izena eman ahal da Ahobizi edo Belarriprest bezala, bai digitalki izenematea.euskaraldia.eus helbidean, bai paperean, herriko 18 komertziotan, ikastetxe eta euskaltegi guztietan eta udaletxean eta Ttakunen.
Euskaraldia bera, 11 egun euskaraz jarduteko ariketa sozial masiboa, azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da Euskal Herri osoan zehar. Euskaraldiak Lasarte-Orian Izan puntu! du izena.
Jon Antxordoki Udaleko euskara batzordeko lehendakariak eta Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakariak azpimarratu dute harro egoteko moduan gaudela lasarte-oriatarrak, izan ere, orain bi urte Euskararen 9. Maratoian sortu eta gauzatutako hizkuntza-ohiturei astindu bat emateko ideia hura baita aurten Euskal Herriko ia 400 herritara zabalduko dena.
11 egunetan zehar
Estitxu Garmendia hamaikakoteko kideak azaldu duenez, berriz, hainbat ekintza eta tresna prestatzen ari dira aurten ere ahalik eta lasarte-oriatar gehienek parte har dezaten proiektu honetan. Adibide modura erakutsi ditu web-orri hau eta hurrengo asteetan sare sozialetan (Twitter, Facebook, eta Instagram) zabalduko diren abesti, bideo eta bestelakoak, nahiz eta iragarri duen aurrerago sorpresa gehiago ere izango direla. Gazteei eta helduei herriko Euskaraldia sare sozialetan zabaltzera ere gonbidatu ditu, #izanpuntu traloa erabiliz.
Aurrekoan jende askok txapa Lasarte-Orian bakarrik erabiltzen bazuen ere, oraingoan Euskal Herri osoan eraman ahal izango dugu, Lasarte-Oriatik kanpo ere oso zabaldua egongo delako.
Garmendiak adierazi du baita ere, oraingo honetan, gauza batzuk hobetu eta errazago ere izango direla, nazio-mailan egiteak, adibidez, komunikabide handietan asko azaltzea ondorioztatuko duelako eta horrek erraztu egingo duelako herritarrengana iristea. Eta 11 egunetan zehar ere, aurrekoan jende askok txapa Lasarte-Orian bakarrik erabiltzen bazuen ere, oraingoan Euskal Herri osoan eraman ahal izango dugu, Lasarte-Oriatik kanpo ere oso zabaldua egongo delako. Euskara ulertzen duten herritar guztiak puntu izatera, Ahobizi edo Belarriprest modura izena ematera gonbidatu ditu.
Izena emateko tokiak
Naiara Mujika Ttakuneko dinamizatzaileak gogoratu du digitalki izena eman ahal izateaz gain, izena emateko diptikoak eta diptikoak beteta bertan uzteko aukera dagoela toki hauetan guztietan:
- Adats ileapaindegia
- Ana gizon ileapaindegia
- Artizar Tiburtzio taberna
- Berasategi kafeak
- Carretero liburudenda
- De Miguel farmazia
- Eztiphoto argazki-denda
- Jalgi
- Josema burdindegia
- Labe-Goxo okindegia
- Larrañaga harategia
- Maite Erkizia ileapaindegia
- Maya lentzeria
- Orbela belardenda
- Ormazabal loradenda
- Orue farmazia
- Pikabea aseguruak
- Urbiztondo farmazia
- Uztarri Kooperatiba
- Zabaletako Auzoko-denda
- Landaberri ikastetxea
- Sasoeta ikastetxea
- Oriarte ikastetxea
- EPA
- Muntteri-AEK
- Udal euskaltegia
- Ttakun Elkartea
- Udaletxea