Ahobizi eta Belarriprest

Ahobizi zara

Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz.

Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hamaika egunetan, hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ezezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.

Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik.

Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu 11 egunez Euskal Herrian.

Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

Zein rol aukeratuko dut?

Ahobizi izan daiteke…

16 urte baino gehiago izan eta…

  • euskaraz ongi moldatzen dena eta hamaika egunetan euskaraz egingo duena ulertzen duten guztiekin. Izan daiteke orain arte horretan saiatu den kidea, edo hizkuntza jokaera orain aldatzea erabaki duena.
  • euskaraz erdizka moldatzen dena baina prest sentitu eta hamaika egunetan euskaraz egingo diena ulertzen duten guztiei.

Adibidez:

Ane eta Aitor

  • Anek euskara ulertzen du baina ez du oso ongi egiten, eta horregatik Aitorrek erdaraz hitz egiten du berarekin.
  • Anek belarriprest izatea erabaki du, eta Aitorrek ahobizi izateko hautua egin du. Hala, ekimenean zehar, Aitorrek Aneri euskaraz egingo dio, eta Anek euskaraz zein erdaraz erantzungo dio (nahi eta ahal duen bezala). Horrez gain, Aitorrek euskaraz egingo die ulertzen duten guztiei.

Iban

  • Ibanek, arropa erostera joaten denean, eta dendako langileak euskaraz badakien ez dakienean, erdaraz galdetzeko ohitura du.
  • Orain Ibanek, ahobizi izatea erabaki duenez, lehen hitza euskaraz egingo du ezezagunekin. Haiek euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko du.

Maria

  • Mariak ekimena baino lehen ere euskaraz hitz egiteko ohitura zuen. Hala ere, ulertzen zion norbaitek erdaraz erantzuten zionean, erdaraz jarraitzen zuen normalean.
  • Ahobizi izango da, eta euskarari eutsiko dio ulertzen duten guztiekin.

Belarriprest zara

Euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu.

Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.

Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu 11 egunez Euskal Herrian.

Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbitea egin nahi diozu? Belarriprest zara!

Zein rol aukeratuko dut?

Zein rol aukeratuko dut?

Belarriprest izan daiteke…

16 urte baino gehiago izan eta…

  • Euskaraz ongi egiten duena baina erdaraz hitz egiten duen zenbaitekin (nahiz eta ulertu) ez du hamaika egunez euskaraz soilik hitz egiteko ariketa egin nahi; edo ez da prest sentitzen, adibidez, orain arte erdaraz izan dituen harremanak euskaraz izateko pausoa emateko.
  • Euskaraz gutxi gora behera hitz egin dezakeena baina ez dena ausartzen.
  • Euskaraz ulertzen duena baina ez dena hitz egiteko gai sentitzen.

Adibidez:

Fermin

  • Ferminek urte asko daramatza Lasarten bizitzen, baina euskara ondo dakien arren ez du askotan hitz egiten.
  • Fermin belarriprest izango da eta gustura eramango du txapa paparrean, berari euskaraz egitea nahi baitu hala egin nahi dutenak babesteko. Bere ekarpena horraino emateko prest eta gogoz dago.

Maite

  • Maitek badaki euskaraz baina laneko zenbait bezerorekin ez da eroso sentitzen elkarrizketa elebidunak mantentzen.
  • Beraz, belarriprest izango da, eta nahiz eta batzuetan erdaraz egin saiatuko da ahal bezain beste euskaraz egiten.

Eneritz

  • Eneritz euskara ikasten ari da; ulertu, ulertzen du, baina ez da hitz egiteko gai sentitzen.
  • Belarriprest izango da eguneko ordu eta leku guztietan, eta eroso sentitzen denetan euskaraz erantzuten saiatuko da.