Ahobizi eta belarriprest txapak janzteko eguna iritsi da. Euskaraldia, hizkuntza ohiturei astindua emateko ekimena, martxan da. Gaur, ostirala, hasi eta abenduaren 3ra arte, ahobiziez eta belarriprestez beteko da Euskal Herria. Lasarte-Orian 2.500 herritarrek baino gehiagok egin dute hautua festa horretan parte hartzeko.
Ekimenari hasiera emateko Lasarte-Orian Jantzi zank! ekitaldia antolatu dute. Lasarte-Oriako hamaikakoa eta herriko hainbat eragilek parte hartuko dute Okendo plaza musika, kolore, umorez eta ezustekoz beteta.
Ostiral arratsaldean, 17:30ean, hamaikako kideek Euskaraldiko bidaira ongi etorria egingo diete herritarrei. Bertsoa eta dantza izango dira jarraian, bertso eskolako gaztetxoen eta Kukuka Antzerki eta dantza eskolako dantza taldearen eskutik. Heldu da onena, abestia estreinekoz entzungo da Lasarte-Orian. DBH 1. eta 2. mailako gazteak ere oholtzara igoko dira.
Hori guztia ekintza nagusiaren aurrekari izango da. Ane Igartipuntuk Lasarte-Oriako Euskaraldiari hasiera ofiziala emango dio. Horretarako, txapinazoa eta globokada egingo dituzte Okendo plazan.
Baina ez da horrekin jaia amaituko; Dinbi Banda batukadaren erritmoak entzun eta Erketz dantza taldea eta Semblante Andaluz elkarteko Gitanillas dantza taldearen emanaldiez gozatu ahalko dute herritarrek.
Euskararen 9. Maratoiko ikur bihurtu zen Safri Duoren dantzarekin gorputza mugituko dute, egunari amaiera emateko.
Larunbata goizean etxeko txikiek eta ez hain txikiek izango dute aukera ongi pasatzeko, festa giroan.
Lehenik, Porrotx eta bere lagunen eta Mary Jongen bisita izango da. Emakume horrek balkoietako puntuen errekorrak aztertzen ditu, eta herriko azterketaren emaitza azalduko du. Tartean, Jalgune elkarteko lagunek Pausoka pausoka abestia dantzatuko dute. Ttirriki Ttarrakak erromeria doinuak eskainiko ditu. Xumela koruaren emanalditxoa izango da eta Euskaraldiko doinuek beteko dute plaza. Magia ikuskizun bereziak eta Safri Duoren dantzak emango diote amaiera ekitaldi horri.
Oholtzan ekintzak dauden bitartean, herritarrek haien txapak jasoko dituzte plazan egongo den gune berezian. 11 egun hauetarako gomendioak ere jasoko dituzte.
Bestalde, oraindik ekimenean izena eman ez duten herritarrek parte hartzeko aukera dute. Gunean bertan eskuorriak izango dituzte ahobizi edo belarriprest izateko.